Ezagutza sortzaileak
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2773/teknologia
Ezagutzak βtartean teknologiakβ eta kulturak oso harremanduta daude, eta sortzen diren lekuei eta han dauden harreman moduei lotuta daude. Belaunaldiz belaunaldi saiatzen gara gure bizitzetan esanguratsua izan dena eta gizakion ongizaterako beharrezko bezala ulertu duguna jasotzen hurrengo belaunaldiei eskaintzeko, oparia bailitzan. Ezagutza norbereganatzea, ordea, ez da soilik memoria kontua, memoria oso garrantzitsua bada ere. Paulo Freire pedagogoak hezkuntza bankarioa deitzen zion informazioa buruetan sartzeko saiakerari, bankuekin eta diru gordailuekin analogia eginez. Haurren buruetan informazio deposituak sartzea bilatzen duten hezkuntza ereduek ez dute sortzen ezagutza bereganatzeko prozesu bat.
Ezagutza norbereganatzea eraldaketa prozesu bat da, esperientzia kontu bat. Datuetatik informaziora, eta informaziotik ezagutzara igarotzea ez da solik eduki kontua. Saiakera dakar berarekin.
90eko hamarkadan, enpresa munduan oso famatuak egin ziren enpresen ezagutza kudeatzeko ahaleginetan Nonaka eta Takeuchi, SECI ereduarekin: Socialization, Externalization, Convination, Internalization (Gizarteratzea, Sistematizazioa, Nahasketa, Barneratzea). SECI ereduarekin honako ideia jaso zuten: pertsona batzuk sistematizatu eta gizarteratu duten ezagutza geureganatzeko, esperimentatzea da bide bakarra. Esperientziaren bidez, geure izaerarekin eta aurreko ezagutzekin nahastuko dugu informazio berria, eta orduan, informazioa izatetik ezagutza izateko bidean izango gara, ezagutza barneratzeko bidean.
Orain dela zenbait urte, Tabakalerako Hirikilabs-en hartu nuen parte hainbat irakaslerekin batera. Landu genuen zelan bihurtu hezkuntza espazioak esperimentatzeko, saiatzeko eta ezagutza sortzeko espazio, zelan igaro hezkuntza bankariotik beste eredu batera. Ez da erantzun erraza, aldagai asko daude bidean, baina orduz geroztik ikasleak ezagutza sortzaile gisa ikusten ditut, eta irakasleak euren bidai-lagun onen moduan, prozesu horretan.
Irudia // haur bat haritulab laborategian material ezberdinak esploratzen
Erantzun bat utzi