Arriskuak eremu digitalean

Iturria: Argia

Esteka: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2753/teknologia

Dugun digitalizazio ereduan arriskuak daude. Hainbat aditu entzun izan dut sarean dauden arriskuez, horrekin bizi beharko bagenu bezala mintzatzen dira, aldatzeko aukerarik ez balego bezala.

Sarean dauden arriskuetan sakontzen hitz berri asko aurkitu dut: ziberdelinkuentzia, ziberbullinga, sextinga, fake newsak, groominga, pribatutasuna… Neologismo hauen atzean ez dago gauza berri asko. Jorratu ditzagun atzean dauden hainbat ideia.

Lehenengo ideia jokabideena da. Pertsonek diseinatzen ditugun teknologiek pertsonen jokatzeko moduak jasotzen dituzte. Beraz, pertsonok mundu analogikoan lapurtzen, erasotzen, iruzur egiten… dugun heinean, eremu digitalean berdin jokatzen dugu. Eremu analogikoan bezala, eremu digitalean zenbait jokabide hezkuntzarekin eta ezagutza partekatuz eragotzi daitezke, adibidez zelan detektatu ziberbullinga eta zer egin horrelako egoera bat pairatzen bazabiltza. Baina beste jokabide batzuk eragozteko, ziberdelituak direlakoak, zibersegurtasuna erabiltzen da, batez ere kanpo erasoetatik babesteko.

Jokabide eta segurtasunaren ikuspegitik pixkanaka ulertzen joan gara zelan jokatu eremu digitalean. Baina digitalean egun dugun arrisku larriena beste bat da: pribatutasuna. Pribatutasunaren komertzioan sustatzen baita gaur egun dugun digitalizazio ereduaren zati handi bat eta eredu honek zelan funtzionatzen duen eta zein arrisku dituen ez digute kontatzen.

Plataformek esaten digute euren sistema seguruak direla eta gure pribatutasuna kanpo erasoetatik salbu dagoela. Baina, nork babesten gaitu euren sistema seguruen baitan eta gure datuetan sustatuta diseinatu dituzten negozio ereduek gure bizitzetan duten eraginetik? Gaia sakon aztertu du, besteak beste, Jaron Lanier-ek, Nork kontrolatzen du etorkizuna liburuan.

Eremu digitaleko babesaz ari garela, segurtasunaz gain autodefentsaz hitz egiten hasi beharko dugu. Harremanak egiteko moduez, pribatutasunaz, eta azken finean, gure bizimodua babesteko neurriez.

Irudia // Pillory Like Barrel // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/soldier-barrel/

Lizentzia // Eremu publikoa

 

 

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude