Sare sozialen negozio ereduak
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2801/teknologia
Orain dela 15 bat urte sare sozial gehienek plaza publikoa bailiran funtzionatzen zuten. Hodeien, adimen artifizialaren eta telekomunikazio bideen garapenarekin, sare sozialek handitu egin zuten euren erabiltzaileen bizitzen, jokabideen, ohituren eta pentsamenduen gaineko ezagutza. Horrek ahalbidetu zuen sare sozialek publizitatearen bidez pertsonen kontsumo eta jokabide asko bideratzea telekomunikazio korporazioetara. Covidak, gainera, bizipen digitalak areagotzeko beharra ekarri zuen, eta korporazio hauek hazkunde esponentziala izan zuten.
Egun, ordea, Twitter eta Facebooken inguruan dauden berriak (kaleratze masiboak) zerbait aldatzen ari dela adierazten digute. Badirudi gaur egun duten negozio eredua, publizitateari lotua, ez dela etorkizun hurbilean nahikoa izango euren anbizioa asetzeko, besteak beste mundua bizitzen ari den krisia dela-eta, beharbada algoritmiaren erregulazioa egiten ari den bidea negozio eredu horrentzako mehatxua bihurtzen ari delako, edota alternatiba berriak (TikTok) gailentzen ari zaizkielako.
Eta norantz joango dira negozio eredu hauek? Badirudi balio erantsia eskaini nahi dutela euren sareetan. Balio erantsia erabiltzaileak ere diru iturri zuzen bihurtzeko; orain arte zeharkako ziren. Dirua, gaur egun datua den heinean, pertsonen artean digitalki partekatu daiteke, eta pertsonen bizitzan diru transakzioa oinarrizkoa den dinamika izanik, beraientzat zentzua du diruari lotzea balio erantsi hori. Diruarekin balioan jarri daitekeen edozein gauzari (lanari, sorkuntzari, salerosketei, maileguei, ekimenei…) bidea eman nahi diete euren sare sozialen bidez. Erabiltzaileek dinamika horretan balioa ikusten badute, ordaintzeko prest egon daitezke, eta sare sozialek euren negozio ereduari loturiko diru-sarrerak dibertsifikatu ditzakete, publizitateaz gain erabiltzaileen kuotak ere lortuz. Erabiltzaileok lehengai, produktu eta diru iturri zuzena izango gara sare sozial hauetan.
Irudia // Horizon kontent // https://www.pexels.com/es-es/foto/persona-sosteniendo-una-hamburguesa-doble-con-queso-3826273/
Lizentzia // CC hutsa
Erantzun bat utzi