Pornografiaz

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2849/teknologia-2

Aurreko egunean, 10 urteko haur batek esan zidan bere eskolako helbide elektronikoaren pasahitza aldatu behar zuela, gurasoek bazekitelako, eta bere pribatutasuna zelatatu ahal zutelako. Ulertzen nuela esan nion, baina ohartarazi nion, eskolako arduradunek ere, naiz eta eurekin ez partekatu pasahitza, Interneten egiten zuen guztia zelatatzeko aukera zutela. Honi honakoa erantzun zidan: lasai, nik ez ditut gauza horiek ikusten.

Bi egun geroago, topaketa batean, pornografiara gaztetxoek egiten duten sarrera goiztiarraz hainbat jende euren ardura partekatzen hasi ziren. Gai honek guraso asko arduratuta ditu. Nerabeak, beren gailuetan, eta duten jakin-min naturalak bultzatuta, egokiak ez diren eduki ugaritara heldu daitezke, tartean pornografikoak. Gurasoak arduratuta daude gazteak pornografiara goizegi sartu eta sexu harremanen inguruan irudi oker bat sortu dezaketelako. Dirudienez, eduki horiek jarraitzeaz gain, sortzeko eta banatzeko digitalizazioak berak ematen dituen aukerak ere erabiltzen dituzte.

Donestecheko Onak analogia interesgarri bat aipatzen du mugikorren eta autoen inguruan: zergatik behar dugu gidabaimena autoa hartzeko, baina mugikorra inongo irizpide zehatzik gabe ematen digute?

Pixkanaka goaz gizartean zenbait ideia geureganatzen, haur eta nerabeen bizitzak hobetze aldera: tratu ona, herriak haurrentzako bizigarriagoak izan daitezen birmoldaketa arkitektonikoak… Hobekuntza horien erroan dago haurrenganako errespetua handitzea, nagusi eta haurren arteko botere harremanetan eragitea. Eremu digitalaren ezaugarriak direla eta, ordea, oraindik ez dugu bide bat argi ikusten errealitate digitala eraldatzeko, eta momentuz, haurrentzako burbuilak sortzen ari gara, aplikazioen bidez gurasoek edukien gaineko kontrola izateko.

Nik bide hori ez dut argi, ez dut bide bakarra ikusten. Argi dudan gauza bakarra da errealitate gogor hau bizitzea tokatu zaiela, eta eurekin hitz egitea dela beharbada eskura dugun baliabiderik onena.

Irudia // Canvanko irudi batekin eginda

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude