Pertzepzioaren bitartekariak

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2763/teknologia

Txikitan gure alabak argi beltza deitzen zion iluntasunari. Iluntasuna argi eza bezala ulertu beharrean beste argi mota bat bezala ulertzen zuela zirudien. Zientzialariek aspaldi frogatu zuten ikusi dezakeguna materia, argia eta gure begien arteko interakzioei lotuta dagoela. Baina alabaren bizi esperientzia txikian, argi ezaren ideia ez zen oraindik existitzen.

Urte batzuk geroago, Von Goetheren koloreen teoria ezagutu nuen. Goethek zioen naturaren ulermena esperientziatik etorri behar zela, gure gorputzetan ditugun zentzuak horretarako garatuak izan direlako. Natura ulertzeko, berau zatitan txikitu beharrean naturaren behaketa bere osotasunean egin behar zela zioen. Baina gizakion historian zehar, behaketa txikiak eta laginen datuen bilketa gako izan dira. Baita inguru kontrolatuak sortzea ere, gertaerak baldintza jakin batzuetan errepikatzeko eta aldaketekin ezagutza garatzeko. Horrela sortu da gaur egun dugun teknologia ugari.

Gure egunerokoan ideia bera sartzen ari gara: eremu digitalean sortzen gabiltza kirol inguruneak, hilerokoa kontrolatzeko inguruneak, bikote onena hautatzeko inguruneak… Logika berdinarekin diseinatuta daudela dirudi. Inguru kontrolatu horietan jasotzen ditugun datuak gizakion garapenerako ezagutza berria ekarriko dutela pentsatzen dugulako? Goetheren pentsatzeko modua, ordea, ezin dut burutik kendu azkenaldian, eta iruditzen zait inguru horiekΒ  guztiek nolabait gure gorputza ez entzuteko dinamika daramatela beren baitan. Pertzepzioaren bitartekariak bailiran.

Ez dakit inoiz gure gorputza entzuteko gaitasuna ondo garatua izan dugun gizakiok, baina pertzepzioaren bitarteko hauek guztiak oztopo izan daitezke zeregin horretan, erabiltzen dituenak aurretik bere gorputza entzuteko gaitasun hori garatzeko tartea izan ez badu behintzat, bere gorputza naturarekin harramantzeko esperientzia izan ez badu behintzat.

Irudia // Neurographie //

Lizentzia // domeinu publikoa // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/neurography/

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude