Pauso txikiekin eraldatzen

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2806/teknologia-2

Orain dela ia hilabete bat itsu elkarte batekin topaketa bat izan nuen, arrakala digitalaren inguruan. Pausoak eman nahi dituzte eremu digitalean dituzten beharrak gizartean eta erakundeetan zabaltzeko, garatzen dugun digitalizazioak euren beharrak aintzat har ditzan. Elkarteko partaideek pazientzia handia dute, eta jarrera ezin hobea aurrean duten helburu zailari aurre egiteko.

Elkarteko kideek euren mundu digitala erakutsi zidaten. Euren mundu digitala abiadura oso azkarrean entzuten da, zeren eta euren nabigazioa, besteak beste, irakurketa automatikoaren bidez ematen da gaur egun, bizkortutako irakurketa automatiko bidez. Azaldu zidatenez, irakurketa hau modu eraginkorrenean eman dadin webguneak diseinatzerakoan informazioaren antolaketa bertikala eta hierarkikoa beharrezkoa da.

Saiatu nintzen eurak bezala nabigatzen eta oso zaila da, webgunearen irudia buruan egiteko webgune osoan dagoen testua entzun behar baita. Egun, webguneak ez dira soilik informazio toki, kudeaketa eta harreman toki bihurtu dira aldi berean. Baina uste dut euren beharretara egokitzeko ariketa txikiak egiten badira, pixkanaka denontzako onurak etorriko direla. Adibide bat: elkarteak badu erakunde zehatz batekin arazotxo bat eta biltzen diren tokia eskatzeko erakundeak pdf agiri bat betetzera behartzen ditu. Elkarteko kideentzat, pdf-a entzunez ulertzea eta behar den bezala betetzea lan oso konplexua da eta laguntza eskatu behar diote hirugarren bati. Bazterkeria digital egoeran dagoen pertsona askorekin egiten dut lan, eta eurek ere arazoak izan ohi dituzte pdf bat deskargatu, bete eta bidaltzeko. Itsu elkartearen kasuan, pdf hori online galdetegi bihurtzeko proposamena egingo diogu erakundeari, itsuentzako egokia izango den online galdetegia. Ariketak arrakasta balu, denontzat litzateke onuragarria, eta gela eskatzeko prozesua errazagoa izango da denontzat.

Irudia // haritulab

Lizentzia // domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude