Norentzat sortzen dugu?

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2783/teknologia

Haurrek badute, eta zenbait nagusik ez dugu galdu, sorkuntzan murgiltzeko joera. Agian, sorkuntzan murgiltzeko joera dugun guztiok ez ditugu lan ederrak egingo, baina uste dut esperientzia antzekoa dela: hor zaudenean, mundu honetan bizitza on bat izateko gauza asko alde batera utzi ditzakezu: familiaren zaintza, gorputzaren osasuna, harremanak, bizilekuaren zaintza… Ez da erraza sorkuntzan murgiltzea eta β€œbizitza on bat” batera izatea, behintzat zure bizimodua sortu nahi duzun horri guztiz lotuta ez baduzu eraikitzen.

Eremu digitalean dabiltzan sortzaileengan pentsatzen dudanean, hiri, herri, baserri, enpresa, liburutegi… bateko gela txiki bateko mahai batean irudikatzen ditut, edozein sortzaile bezala ordu ugari ematen bakardadean euren lanak aurrera atera nahian: musikagintzan, diseinugintzan, testugintzan, kodegintzan, datugintzan, podcastgintzan, bideogintzan, bideo-jokogintzan, argazkigintzan, saregintzan, elektronikan… Sortzaile horien lanak egiten du eremu digitala, eta eragiten du gure gizartearen eraldaketan.

Kobazuloa datorkit burura: antzinako kobazuloaren ideiak, nire ustez, ez zuen bakardadearekin zerikusia, sorkuntzaren helburuarekin baizik. Paleolitoko β€œarte” espresioetan, kobazuloan ematen zirenak, gizakumeak norberarentzat marrazten zuen, norbere barruak islatzeko modua zen, besteen begiradetatik urrun. Noizbait, beharbada, norbait ohartu zen barruko isla horiek besteentzat ere interesgarriak izan zitezkeela, eta sorkuntza besteengan pentsatzen ere egiten hasi ginen. Denborarekin, sorkuntza baten zentzua besteen onarpenera baldintzatuta geratu da neurri handi batean. Eremu digitalean, izaera hori areagotu egin da eta arrakasta bilakatu da sorkuntzaren izaera nagusia. Komunitate eta gizarteen ordez, algoritmoak dira arrakasta izateko zer sortu agintzen dutenak. Hasieran norberarentzat, gero komunitatearentzat, azkenean algoritmoentzat sortzen gabiltza. Errealitate honetan, batzuetan kobazulora bueltatzeko gogoak datozkit, baina momentuz joan-etorrian nabil.

Irudia // Eskuak, Altamira // https://commons.wikimedia.org/wiki/File:GuaTewet_tree_of_life-LHFage.jpg

Lizentzia // Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude