Nirea da arrazoia

Askotan gertatzen zaigu arrazoiaren jabe garela pentsatzen dugula. Askotan, edo ia beti. Izan ere, gure sare sozialetan ditugun lagun eta ezagun gehienek, horrela erakusten digute. Guzti guztiak, gure pentsaera ildoaren hari beretik doaz… argi dago ezberdintasun edo ñabarduraren bat badagoela… baina hara, pertsona ezberdinak gara eta pentsamendu ezberdinak ditugu…

Egia al da hori? Garaiezinak gara? Garaiezinak ote dira gure ideia, argumentu eta pentsaerak?
Erantzuna ezezkoa delakoan nago. Zergatik, orduan, ikusten ditudan iritzi guztiak nire ideien aldekoak dira? Gehiengoarena, alegia? Edo zergatik, ideia berezi batzuk, biralak egiten dira bat-batean eta edonon daudela pentsatzen dugu? Gehiengo erreal baten isla izango balira bezala.

Hau azaltzeko, 2016. urtean Kristina Lerman, Xiaoran Yan eta Xing-Zen Gu unibertsitate irakasleek The Majority Illusion in Social Networks teoría plazaratu zuten.

Teoria honek, bere funtsean sare sozialetako adiskidetasunaren paradoxa aztertzen du. Paradoxa horren ondorioz, orokorrean arraroa den portaera bat sistematikoki gainordezkatuta egon daiteke pertsona askoren tokiko auzoetan, hau da, lagunen artean.
Hala, “Gehiengoaren ilusioak” erraztu egin dezake kutsatze sozialak sareetan zabaltzea, eta pertzepzio sozialetan sortzen diren joera sistematikoen zergatia azaldu, adibidez, jokabide arriskutsuetan.

Sare sozialek komunitateen eta mugimendu birtualen sorrera erraztu dute, kanpoko munduaren aurrean onarpen- eta segurtasun-espazioak bilatzen dituztenak. Beren burua berretsi nahi dute. Zygmunt Baumanek eta Manuel Castellsek teorizatu dutenez, egoera horren aurrean, modernitate likidoak komunitate ideal bat birsortu du ziberespazioan, elkarren artean harremanetan dauden milaka erabiltzaileri harrera eginez, berdintasunean eta pentsamenduan oinarrituta.

Espazio erosoak dira, han daudenak nire “giro” berekoak direlako. Eta gehiengoarekin egoteak eta horien pentsaera bera konpartitzeak lasaitasuna eskaintzen duelako…
Baina, hori erreala da? Ez ote nago “gehiengoaren ilusioaren” menpe?

 

Irudia:The praxinoscope theatre // Gilbert C
Lizentizia: Domeinu publikoa // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/praxinoscope-theater/

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude