Nagusiak eta diruaren bilakaera

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2767/teknologia

Azken asteetan, pertsona nagusiek salatu dute digitalizazioa dela-eta euren dirua fisikoki izateko aukera murriztu dutela bankuek, kutxazainak kendu ahala. Dirua fisikoki eskuratzeko aukera bueltan nahi dute. Nagusiak dirua bankuetara eroaten hasi ziren garaian, bankuek betiko ziruditen, hor betiko egongo ziren marmol eta egur bitxiz eraikitako instituzioak ziruditen, harremanak argia zirudien. Egun, ordea, bankuak euren arreta fisikora bideraturiko baliabideak txikitzen joan dira pixkanaka, digitalizazioak aurrera egin duen heinean. Hasieran ordutegien murrizketa izan zen, gero pertsonen murrizketa, eta azkenik kutxazainak eta sukurtsalak pixkanaka-pixkanaka desagertzen ikusi ditugu gure herrietatik. Zenbait pertsonak, ordea, ez du eremu digitalaren bideetara egokitzeko beharra ikusten, edo ez du bertara egokitzeko erraztasunik, edota nahiz eta aldaketa ulertu, ez du sustatu nahi. Instituzioak sortzen lagundu zuten nagusi horietako asko dira gutxieneko batzuk mantentzeko aldarrikatzen ari direnak. Jaramon egingo dietela dirudi. Baina uste dut, egunero ikusten ditudan jokabideengatik, diruaren desagertzea atzeraezina dela.

Zenbait nagusik ez du nahi dirua erabiltzeko moduen aldaketetara eta bankuen negozio eredu berrietara egokitu, baina beste aldea etorri zait burura: gehienok egokitu egin gara. Beharbada, alde positiboen distirak liluratuta, ez dugu gertatzen ari denaz gehiegi pentsatu.

Historian zehar dirua aldatzen joan da: gatza, kakaoa, urrea, papera… Baina ez soilik forman, dirua bera ulertzeko moduak aldatu dira, bitarteko izatetik helburu izatera igaro da kasu askotan. Azken hamarkadetan fisikotasuna zelan joan den desagertzen ikusten gabiltza: ordainketa aplikazioak, txartelak, online ordainketa pasarelak… eta orain kripto-txanponak . Azken batean, datuak dira egun diruak duen forma. Ez dut oso argi zein eragin izango duen gure bizitzetan aldaketa honek, dirua behin betiko datu bilakatzea.

Irudia // Roman denarius // Egile ez ezaguna

Lizentzia // Domeinu publikoa // https://www.oldbookillustrations.com/page/3/?s=money&post_type%5B0%5D=illustration

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude