Loa eta osasun digitala

Ilun da oraindik. Zer ordu da? Mesanotxeko telefono mugikorra hartu eta goizeko 03:47ak direla ikusten duzu. Oraindik denbora duzu lo egiteko, ondo!
Baina, hegazkin moduan ez zeneukan aparailu horri erreparatu diozu eta whatsapp mezu batzuk dituzula ikusten duzu, baita mezu elektroniko berri bat ere.
Itzali. Lo egiten saiatzen zara. Jakin-minak jotzen zaitu. Berriro hartu eta whatsappean sartzen zara. Meme barregarriren bat eta zure lankidearen abisu bat, ondoezik dagoela jakinarazteko. Ezin izan du erdibana egiten ari zineten lana amaitu, eta garaiz entregatzeko gai ez dela izango uste du. Nola liteke?
Haserretu egiten zara. Marmarka zabiltza. Mezu bat idazten diozu. Marka bidalita, ez du jaso. Itxoin. Oraindik ez duzu jaso?
Pentsatzen hasten zara nola izan daitekeen zu kezkatuta egotea eta bera lo egotea, ziur aski lasai asko, inolako kezkarik gabe lotan. Ez duzu berriro harekin bikoterik egingo, inondik inora, azken aldia da hau. Amaitu da. Bera lasai badago, zu ere bai. Behin eta berriz errepikatzen duzu, lasaitasunari eusten saiatzeko eta berriro loak hartzeko.
Baina ezinezkoa da. Ez dago loak berriro hartzeko modurik.

Uste duzu agian zuk egin beharko zenukeela bere zatia. Bere lanetik bidali zizun azken bertsioa errepasatu, informazio pixka bat bilatu eta, zure bizitzan aurkeztu duzun lanik onena ez bada ere, itxurak salbatu zerbait entregaturik.

Bai hori da… goizeko 05:07ak dira. Garaiz zabiltza oraindik ere beste zer edo zer idazteko.
Azkeneko bertsioa emailean duzula gogoratzen duzu. Bai, hori da, bertatik hartu ezazu.
Hartu eta lanean hasten zara. Hori da, testu pare bat, beste zita bat, bibliografian gehitu… ondo…badoa itxura hartzen…. Goizeko 8.30ak. 12.00etarako aurkezteko gai izango zarelakoan zaude… beste momentu batean lo egiteko aukera izango duzu…baina, hori bai! Berarekin ez dut beste lanik egingo… ezta pentsatu ere…

Bat-batean, irakurri gabeko emaila gogoratzen duzu… seguruenik spamen bat. Baina berriro ere jakinmina txatxu hori zure atzetik dabil. Mezua zabaldu eta hara!! Lankidearen mezua. Lana bukatuta, birpasatuta eta entregatuta. Mezua idatzi zizunean bukatzear zegoen eta botika hartu, burua bizkortzeko ostetxo bat egitera joan eta lanarekin bukatu zuela esanez. Email bidez bidaltzen dizula entregatu duenaren egiaztagiria ikus dezazun, eta gaua ona igarotzea opa dizula.
8:50ak dira. 03:47etatik esna zaude.
Orduan gogoratzen duzu… batzuetan bizitza “hegazkin moduan” jarri behar dela (batez ere gauez).

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude