Inork ez du ezer banaka sortzen

Iturria // Argia

Eskteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2794/teknologia

Askotan sortze prozesuan bakardadea beharrezkoa da; lasai pentsatzeko astia norbere buruan dauden ideiak antolatu eta egiteko denbora bilatzen dugu. Gai hau, bakardadearena, beti izan da niretzat buruhauste bat, oso gogoko dut bakardadean egotea batzuetan, baina gizartean bakartiak ez gara oso ospetsuak. Beharbada, bi hitz nahasi ditugulako: bakardadea eta banakakotasuna. Zer edo zer lasai egitea, nire arreta jartzea egiten nagoen horretan asko disfrutatzen dut, bakardadea disfrutatzen dut. Baina momentu honetan testu hau bakarrik egiten banago ere, testu hau ez da banakako lana, testu hau Argiako lantaldeak sustatzen du, nire amak eta bikotekideak haurra zaintzeak sustatzen du, pertsona askorengandik ikasi dudan ezagutza ekartzen du, LibreOffice testu editoreak sustatzen du, LibreOfficeko euskaraketa egin dutenek sustatzen dute… Bakarrik nago, baina ez dut banaka ezer sortzen.

Dugun gizartean, ordea, bi hitz hauek asko nahasten ditugu, bakardade grina seinalatuz eta banakakotasuna goraipatuz, banakakotasunari errentagarritasun ekonomikoa esleitzeko harreman komertzial ereduak sortu ditugulako lizentzia eta patenteen bidez. Eta sorkuntza gizarte dinamikatik banatu nahi dutenek urraketak sortzen dituzte errentagarritasunaren bidean ibiltzeko.
Ikuspuntu feministak berriro gogoratu digu inork ez duela ezer banaka sortzen; norbaitek zaindu zintuen txikitan, norbaitek elikatu, norbaitek hezi, norbait arduratu zen jantzita eta osasuntsu egon zintezen, eta egiten dituzun gauzetan berdin: gizakiak garen heinean ez gara inoiz jakintza isolaturiko izakiak izango. Noizbait, beharbada, ezagutza gizartetik banantzearen –isolatzearen– zentzugabekerian pentsatuko dugu.

Argazkia //Β  Piotr KropotkinΒ  // https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/0/07/Sof%27ja_e_Petr_Kropotkin.jpg/640px-Sof%27ja_e_Petr_Kropotkin.jpg

Lizentzia // Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude