GDPR lau urte ondoren
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2787/teknologia
Jokabideen datuak merkatuen lehengai bezala erabiltzeko ibilbide batean izan gara azken hamar urteetan. Gizartea ezagutzeko eta gizartean eragin eta balioa sortzeko aukerak ematen dituen lehengaia da datua, eta beraz botere harremanetan eragin handia izan dezake.
Jokabideen datuen azterketak onurak ekarri ditzake, adibidez autobusa hartzeko jokabideak aztertuz autobusen maiztasuna indartu dezakegu pertsona gehiago dagoen uneetarako. Baina jokabideen azterketaren etekina bestelakoa izan daiteke: ekonomikoa edota politikoa, botere metaketara bideratua.
Europan badugu lege bat, horren inguruan pausoak ematen hasi zena orain dela lau urte: GDPR (General Data Protection Regulation, Datuak Babesteko Lege Orokorra). Bada, lege horren eta datuekiko merkatu dinamikaren inguruan azterketa egin du Eskubide Digitalen Europako Zentroak, eta honako ondorioa partekatu du: datuen industriak GDPR legearekin bizitzen ikasi du, bere negozio dinamikan aldaketa sakonik egin gabe.
Hona azpimarratu dituen bi ideia. GDPR oraindik ez da guztiz ulertzen, eta mehatxutzat hartzen da eragile askoren aldetik, babesten dituen oinarrizko eskubideak gutxiesten direlako. Legea ez betetzearen kontrola gero eta zailagoa bihurtzen ari da, digitalizazio teknologien gardentasun faltak eta dinamikak direla-eta.
Interesatzen zaidan beste ideia bat da datu pertsonalen izaera aldatzen ari dela, eta zentzu horretan, GDPRk izan behar duela garai hauetarako lege bizia.
Datuen βeta aztertzen diren jokabideenβ oinarrizko eskubideak eremu digitalean ezartzea ez da erraza izango, dugun digitalizazioari forma ematen diotenean sortzen duten teknologia gehiena datuen ustiapenera bideratuta dagoelako. Beraz, GDPR eta beste lege batzuk atzetik ibiliko dira beti. Horregatik, eskubide hau defendatzen ikasi behar dugu, bai dagoena erregulatuz, bai GDPR datuen izaeraren ustiapen ereduetara egokituz. Eta baita teknologia eta digitalizazioa modu etikoagoan ulertuko duten eredu ezberdinak sortuz ere.
Irudia // Noelle Otto
Lizentzia // CC hutsa // https://www.pexels.com/es-es/foto/fotografia-de-la-persona-que-mira-a-escondidas-906018/
Erantzun bat utzi