Euskal baratza digitala
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2842/teknologia-2
Azken urteetan jarraitu dut eragile euskaldunen lana eremu digitalean. Gaur egun, badira eremu digitalean eta berau sustatzen duten teknologien inguruan euskararen rola ulertzeko modu ezberdinak. Zutabe honetan, zenbait gogoeta partekatuko ditut ikuspuntu horien inguruan, betiere nik ezagutzen dudana mugatua dela aitortuz, eta idaztearekin batera nire ideiak argitzeko helburuarekin.
Gaur egun teknologiarekiko duten harremanari lotuta hiru eragile edo proiektu modu ikusten ditut. Ez dute zertan baztertzaile izan elkarren artean, ni neu proiektuaren arabera alde batean edo bestean izan ohi naiz.
Batetik, euskalgintzari estuki lotuta dauden eragileek euskararen presentzia bultzatu nahi dute baliabide digitalen plaza erraldoian. Errealitate bat buruan, pertsonak, elkarrizketak, edukiak dauden tokietan agertu dadila euskara.
Bestalde, aurrekoen lana errazte aldera bada berrikuntza teknologiko ugari lantzen dagoen eragile multzoa. Automatizazioarekin euskaraz eremu digitala osorik eskuratzea gertuago dagoela ulertzen dutenak.
Azkenik, hainbat eragilek eremu digital euskalduna gertuko baratze digital baten antzera irudikatzen dutela dirudi. Eta ideia horrekin, eremu digitala eta berau sustatzen duten teknologiak birpentsatzen dabiltza. Euskaldunen harremanak, elkarrizketak, edukiak… errazteko eta zaintzeko teknologia alternatiboak bilatzen dituzte. Euskararentzako baratze digitala sortu dute, baratzea lantzen ikasi dute, ezagutza berenganatu, burujabe bilakatu, eta gainera, uzta partekatzen dute, ezagutza librea denon eskura jarrita, berrikuntza zabalduz beste eragileon artean.
Egun ditugun teknologia digitalak mundua irudikatzeko eta munduari forma emateko aukera paregabeak eskaintzen dizkigu, eta bide horretan euskara berrikuntza iturri bilakatu da.
Irudia // haritulab
Lizentzia // CC 3.0
Erantzun bat utzi