Errealitate berrietarako terminologia berriak: sharenting

Teknologia berriekin, lehen makina/erreminta esaten zitzaionaren erabilera berriak eta ohitura berriak iristen dira, bakoitza bere ingelesezko izenarekin.
Sharenting-a aurkezten dizuet, edo gurasoek seme-alaben argazkiak eta bideoak sare sozialetan partekatzea. Aldi berean, dagoeneko ezaguna den aztarna digitalari estuki lotutako hitza da hau.

Oso kezkatuta gaude gure seme-alabek sare sozialetan partekatzen dutenarekin, eta ziurtzat jotzen dugu pertsona helduak garenez guk Interneteko sare eta aplikazioak ondo erabiltzen ditugula, edo behintzat ganoraz.

Guraso gehienak ez dira damutzen beren seme-alaben irudiak sare sozialetara igotzeaz, eta jaio ziren egunetik bertatik erakusten dute haien bizitza. Gero, haurrak hazten doaz, baina badirudi adingabe horien bizitzaren pribatutasuna ez dela aintzat hartzen nagusien pribatutasuna hartzen den moduan. Adi! Adingabeek ere intimitaterako eskubidea dute, nahiz eta zu beraien aita edo ama izan!

Eta, une honetan, mamu bat bezala agertzen zaigu ospearen gaia. Duela urte batzuk jaramonik egiten ez genion hitza.

Adituen arabera, “informazioa, partekatu ondoren, mugarik gabe egoten da sarean, eta publikoa izatera pasatzen denean berreskuraezina da. Edozein testuingurutako adingabe baten irudia (adibidez, hondartzan jolasean eta dibertitzen ari den neskato baten irudia edo bideoa) erraz manipulatu eta beste helburu batzuetarako erabil daiteke, hala nola helburu komertzialetarako. Nahikoa da, besterik gabe, erabili den online zerbitzuak egile-eskubideak eskuratuta izatea irudi eta/edo bideo horien gainean”, EU Kids Online-ko ikertzaileen esanetan.

14 urtetik gorako gazte bati buruz (adin horretan legez erabaki dezakete bere kabuz sare sozialetan egotea) zein adingabe baten inguruan (aitaren eta amaren sharentingaren bidez) sareetan argitaratuta dagoen guztia bere aztarna digitalaren parte izatera pasatzen da. Horrek guztiak, oro har, ospe bat edo beste bat emango dio gazte horri.

Alicia Banderas psikologoak dioen bezala, ospe digitalak formula honi erantzuten dio: «Zeure buruari buruz idazten duzuna eta besteei buruz idazten duzuna» + «beste batzuek zuri buruz esaten edo erakusten dutena».
Besteek zuri buruzko informazioa –lan baterako, ikasketetarako, lagun gisa, bikotekide berria- bilatzerakoan… zein irudi topatuko lukete?

Sarean duzun jokabidearen arabera, badirudi ez dela tabula rasaren aukerarik eskaintzen.
Familiak, gurasoak, gazteak… pentsatu nork eta noiz ikusi ahal izango zaituen sareetan eta horren arabera jardun.

 

Irudia:The talking head // Gilbert C
Lizentizia: Domeinu publikoa // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/talking-head/

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude