Digitalizazioaren sinbiogenisia // Irteera atsegina
Audio hau Margarita Padillak Teknologiaren ahotsak izeneko entsailuan idatzitako fikziozko kontaketaren egokitzapena da.
Karlosek eta Monikak denbora asko zeramaten elkarrekin asteburu bat igaro gabe; beraz, biek libre izan zuten lehenengo asteburuan irteera bat egitea erabaki zuten.
Ez zuten prestatzeko denbora gehiegi, ezta gastatzeko diru asko ere. Aurrez inoiz egon gabeko toki batera joatea erabaki zuten eta arib&b batera joan ziren.
Ostiral arratsaldez, lanaren ondoren, autoan sartu ziren. Ahalik eta lasterren iritsi nahi zuten, arib&b-ko anfitrioia zain edukitzea ere ez baitzuten nahi.
Karlos ari zen gidatzen. Ibilbidea planifikatzen laguntzeko esan zion Monikari, eta Monikak mugikorreko GPSa erabiltzea erabaki zuen.
GPSa erosoa da. Erdian dagoen bolatxoa zara eta dena zure inguruan mugitzen da.
Garrantzitsua zarela ematen du, munduaren erdia bazina bezala, eta mundua zure beharren arabera mugitzen dela dirudi.
Erabiliz gero, bidaiatzean egin beharreko esfortzua txikitu egiten da. Begiak itxita bidaiatzea bezala da, sateliteengan konfiantza osoa jarriz. Non zauden jakiteko esfortzurik ez duzu egin behar, bidaiari arreta fisikoa ez diozu jarri behar.
Jada ez duzu galtzeko erantzukizunik, eta ez zarenez galtzen, ez diozu inori galdetu behar nondik joan behar zaren, eta horrela inork ez zaitu nahasten.
Gainera, ez da eztabaidarik egoten, batek alde batetik joatea esaten zuelako eta besteak beste aldetik, eta beti arrazoia nork duen ikusten. GPSari esker, liskar hauek bukatu dira. GPSak esaten du eta kito.
Bidai honetan GPSa oso ongi portatu zen. Ez zituen labarrean behera bota. Ez zituen ibaiaren batean sartu. Ez zituen horma baten kontra eraman.
Mugikorra oso ongi portatu zen. Inoiz ez zuen sateliteekin konexiorik galdu eta ez zen bateriarik gabe geratu.
Egonaldia bukatutakoan, itzultzeko, berriro ere GPSa erabiltzea erabaki zuten. Hain da erosoa!
Igande gauean iritsi ziren etxera eta zientzia fikziozko serie horietako bat ikusten ari ziren, korporazio gaiztoek egindako androideak ageri ziren, oroitzapenak iltzatuta dituzten horietakoak.
Orduan gauza batez ohartu zen Monika: ez zuen bidaiako ibilbidearen oroitzapenik. Ez zuen autoko leihotik ikusi zuenaren irudirik. Izan ere, ez zuen ezer ikusi mugikorraren pantailari begira joan behar izan zuelako. Ez zuen gogoratzen zein norabidetan joan ziren, iparraldera edo hegoaldera? ekialdera edo mendebaldera?. Ezin zuen ibilbidea buruan berriro egin. Hara itzuli behar izanez gero, ez luke jakingo nola.
Bidaian bere adimena itzali egin zela zirudien eta ingurua hautemateko zuen gaitasuna deskonektatu zela ere bai, mundu fisikoa ulertzeko gaitasuna ere deskonektatu egin zela zirudien.
Gogoan zuen arib&bko logela, eta jatera joan ziren jatetxeak ere bai, baina ez zuen bideko ezer gogoratzen. Paperezko mapez gogoratu zen orduan, beren puntu kardinalekin, informazio pilarekin, multzoaren ikuspegiarekin… Batzuetan non zauden jakitea zein zaila den gogoratu zuen, eta galduta sentitzearen larritasuna. Pentsatu zuen beharbada super-adimen artifizial batek limurtu zuela bere adimen naturala deskonekta zezan, eta, une batez, zientzia fikzioko serie bateko androide baten pare sentitu zen. Norbaitek oroitzapenak lapurtu izan balizkio bezala.
Erantzun bat utzi