Behiak zer dira?
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2834/teknologia
Gizakiok badugu gure kabuz ikasteko gaitasuna, badirudi gure espeziearen arrakastaren arrazoietako bat hori dela. Badirudi gaitasun hori, norbere kabuz ikastea, badutela ere adimen artifizialek. Gaitasun horrekin batera, badirudi adimen artifizialek gure ikasteko zenbait akats ere jaso dituztela. Nik behintzat badut arazo hori, askotan informazio gutxirekin konklusio bat ateratzen dut, lasterbidea bilatzen dut. Horren inguruan, Quanta Magazin-ean irakurri dut Anil ananthaswamyk idatzitako artikuluan jartzen duen adibidea: “Zenbait adimen artifizialek belar gainean dagoen animalia bat behia dela adierazi izan dute, euren kabuz ikasi dutenean”. Hau da, ahalegin txikiena egiteko diseinatuak izanda, lasterbidea, errealitatea modu faltsuan ulertu izan dute.
Eta konturatu naiz badela gauza bat ikasteko prozesuan adimen artifizilialetatik bereizten gaituena: bizipenak.
Nolabait, adimen artifizialek ikasteko duten modua bizipen bat duen konplexutasunetik urrun dagoela iruditzen zait (momentuz). Adimen artifizialak kutxa itxietan daude: haizea, usaina, mugimendua, soinua, begirada, ukitzea, harremana… falta zaie (momentuz). Bizipena zelaian egotea da, animalia ikustea, ukitzea, berarekin harremana izatea… Abstrakzioa bizipenarekin desagertzen da, gure ikasteko modua gure gorputz bizidunarekin lotuta aberatsagoa eta zehatzagoa da. Bitartean, adimen artifizial bat, gaur egun behintzat, behiaren esperientzia txikia izaten ari da.
Hausnarketa horrekin, burura datorkidana gure haur eta gazteei bizipen bidezko hezkuntza bat gerturatzea da, euren gorputz bizidunak tokian tokiko errealitateetara lotuko dituztenak, bertan boteretzeko eta bertako gertaerak eta beharrak hobeto ulertu eta eragiteko ahalmena izan dezaten. Ezer berririk ez, baina oraindik ere eraginkorra. Bizipenik gabeko hezkuntza bat baliatzen badugu, gure haur eta gazteak hezkuntza adimen artifizial baten entrenamenduaren mailara gerturatuko ditugu.
Irudia // Андрюша Романов + Canva AA // https://commons.wikimedia.org/wiki/File:%D0%A1%D0%BA%D0%B5%D0%BB%D0%B5%D1%82_%D0%B4%D0%BE%D0%BC%D0%B0%D1%88%D0%BD%D0%B5%D0%B9_%D0%BA%D0%BE%D1%80%D0%BE%D0%B2%D1%8B.jpg
Lizentzia // CC 4.0
Erantzun bat utzi