Azpiegitura digitalak
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2793/teknologia
Konputagailuak gauza handiak eta bakanduak ziren, zenbait ikertzailek, garatzailek, ameslarik hauen tamaina txikitu eta denok erabiltzeko modukoak izan zitezkeela erakutsi zuten arte. Orduan, merkatua ondo ulertzen zutenek aukera ikusi eta banakako konputagailuen berrikuntza etorri zen, eta denok auto bat genuen bezala, konputagailu bana izan genezakeela eta behar genuela sinestea lortu zuten. Eta horrekin batera gauzak egiteko moduak aldatu ziren. Autoekin bezala, konputagailuak bilakatu ziren etxea, enpresa, komunitateak… beste modu batean konektatzeko tresna. Tresna horiek, gaur egun askorentzat mugikorrak, euren lana egiteko azpiegiturak behar zituzten. Zelan joango zen informazioa leku batetik bestera? Azpiegiturak harremanak bideratzeko moduak dira, azpiegiturekin batzuk barne daude eta beste batzuk kanpo. Barne egoteak ez du beti zertan ona izan; kanpo egotea batzuetan alternatiba interesgarria izan daiteke. Errusia, Txina eta Mongolia azpiegitura sortzen ari dira gasa partekatzeko, Europa azpiegitura horretatik aldenduz.
Digitalizazioarekin, mundua harremanetan jartzen dutenak telekomunikazio azpiegiturak dira (kableak, antenak, sateliteak, uhinen kudeaketa…), eta gasaren azpiegiturek bezala, badute botere harremanetan eragiteko gaitasunik. Azpiegitura digitalak –eta gure datuak– esku pribatuetan izatea arazo bihurtzen ari da herrientzat. Submarinecablemap.com webgunean, munduko internet kable guztiak ikusi ditzakegu: zuntz optikoz egindako itsas azpiko zuntzak eta euren jabeak erakusten dizkigu. Euskal Herrian, zuzenean bi zuntzek konektatzen gaituzte AEBetako datu meategi handietara: Marea zuntza –Microsoft, Meta eta Telxius enpresen jabetzakoa– eta Grace Hopper –Googlerena–.
Datuen ustiapena hain da garrantzitsua ekonomia eta gizarte antolaketan, ezen herritarren datuak atzerriko datu zentro handietara bideratzen dituzten azpiegituren fluxua arautu nahi duten estatuek. Aurkitu diren moduak, ordea, oraindik ez dira nahikoa datuen ustiatzaile eta bizitzen bideratzaile erraldoien eragina murrizteko.
Irudia // https://www.submarinecablemap.com/ 2022
Erantzun bat utzi