Chromebook-a norentzat da tresna bat?

Iturria: Argia

Esteka: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2746/teknologia

Koadernoak, arkatzak… ikasleentzako tresnak dira. Ordenagailuak ordea ez dira berdin ulertzen. Gainera, ikastetxe askorentzat aukera bakarra dago: Chromebook-a. Irakasle, ikastetxe eta Google-entzako tresna bezala diseinatu diren gailuak dira, ez ordea ikasleentzat. Chromebook-ek irakasleentzat konplexutasuna txikitzea dakar, ikastetxeentzat kontrola handitzea, arazoak eta kostuak murriztuz, eta Google-entzat bere negozio eredua dibertsifikatzeko aukerak handitzea. Baina gurasook bi ardura ditugu buruan: behartuta gaudela gure haurrak Google mundura aldatzera, eta gure haurren ikasteko eta harremantzeko moduak enpresa pribatu honen esku egoteak arriskuak izan ditzakeela.

2020. urtean Erresuma Batuan bigarren hezkuntzako ikasketak ebaluatzeko Ofqual algoritmoak %40 jaitsi zuen zenbait ikasleren noten aurreikuspena, irakasleen ebaluazioarekin alderatuta. Jaitsiera gehien igarri zuten ikasleak baliabide gutxiko ikastetxeetakoak izan ziren, algoritmoarentzat ikastetxea arrakastarako aldagaia baitzen eta baliabide gutxiko ikastetxeetako ikasleen gain errendimendu bajurako joera definitzen zuen. Zorionez, algoritmoa auditatu eta atzera bota zuten.

Eremu digitalean gure ikasleen jokabideek sortzen dituzten datuekin elikatuta eta auditatu ezinik hezkuntzan erabiltzen ditugun plataformen adimen artifiziala eta algoritmoak noraino izan daitezkeen gure alaba-semeen etorkizunerako oztopo pentsatzen nabil azkenaldian. Beharbada plataforma horiek alabak egindako bilaketen emaitzetan eragina izango dute, bere etorkizuneko aukerak baldintzatuz. Cathy OΒ΄Neil matematikan doktoreak hala dio Suntsiketa masiboko arma matematikoak liburuan: “Konturatu barik bazterkeria sustatu dezakegu ez badugu gai honetan arreta jartzen”. Chromebook-a ez dut nik ikasleentzako tresna bezala ulertzen, haur eta gazteek euren etorkizunean eragiteko aukera gutxiago ematen dizkien gailu bezala ulertzen dut, ordenagailuarekin alderatuta.

 

Irudia //https://oldbookillustrations.com/illustrations/knife-grinder/ @obillustrations

Lizentzia // Domeinu Publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude