Balioa eta prezioa

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2779/teknologia

Azkenaldian bazterkeria egoeran dauden pertsona askoren mugikorrak pasa dira nire eskuetatik, eta ohartu naiz gailuaren prezioa eta pribatutasunaren konfigurazioa egiteko aukerak harremana dutela horietan. Gailu merkeenak pribatutasuna doitzeko aukera gutxiago ematen dio erabiltzaileari. Gainera, defektuz, hirugarrenen hodeietara datuen sarrerak zuzenean bideratzen dituzten aplikazioak dituzte instalatuta. Hala nola teklatua, mikrofonoa, kamera… Sentsore eta botoi horiek jasotako datuak eurenganatzeko aukera ematen diete aplikazioaren jabeei.

Mugikor adimentsu merkeen merkatua asko hazi da, munduko biztanleriaren %67k du sarrera internetera (Nazio Batuen eta Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunaren datuen arabera). Marka ugaritako mugikorrak dira: Oppo, My Phone, Redmi… Interesgarria da jakitea jabeak enpresa txinatarrak direla. Prezio merkeko mugikorrak saltzeak balio handia izan behar du, enpresa/gobernuentzat, lortzen duten errentagarritasunak prezio baxua konpentsatzeko.

Aste honetan eztabaida izan da @HezkuntzanLibre Telegram taldean, gai honen inguruan, Google enpresak eta hezkuntza sailak sinatu duten hitzarmena dela eta. Hitzarmenarekin doako zerbitzua emango dio Google-k hezkuntzari hurrengo lau urteetan. Baina zein da Google-entzat balioa? Prezioa doako izateak ez baitu esan nahi etekinik ez dagoenik zerbitzua ematen duen enpresarentzat.

Eraldaketa digitalak etekinak sortzeko beste logika batzuk ditu, hauek oraindik ez ditugu guztiz ulertzen, baina Antonio Machado poetak esan zuen bezala, ez gaitezen ergelak izan, eta ez dezagun balioa prezioarekin nahastu.

Irudia // haritulab

 

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude